viernes, 20 de abril de 2012

Irakurri, gozatu eta oparitu

Liburuaren nazioarteko egunean, apirilaren 23an, abiatuko da Irakurri, Gozatu eta Oparitu kanpainaren seigarren edizioa. Bi hilabetez 15 herritan gauzatuko da egitasmoa. Irakurzaletasuna sustatzeko asmoz, elkarlanean jarriko ditu herrietako Euskaldunen Elkarteak, udal liburutegiak eta liburudendak.

Apirilaren 23an jarriko da martxan Irakurri, Gozatu eta Oparitu kanpainaren seigarren edizioa, Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak eta 15 herritako Euskaldunen Elkarteek antolatutako ekimena. Irakurzaletasuna bultzatzea xede duen egitasmo honek herritarrak euskarazko liburuak irakurtzera animatu nahi ditu, irakurtzearen alde atsegin eta gozagarria azpimarratuz.
Egitasmoa tokian tokiko euskaldunon elkarteen, udal liburutegien eta liburu denden elkarlanari esker jarriko da martxan eta herrietako eragileen arteko harremana bultzatzea ere badu helburu. Kanpainaren izenak berak argi adierazten duenez, hiru pauso eman behar dira bertan parte hartzeko:
  1. Irakurri Lehenengo pausoa irakurtzea da; euskaraz irakurtzea, hain zuzen ere. Horretarako, herriko liburutegi publikora joan, eta euskarazko edozein liburu maileguan eskatu ahal izango dugu.
  2. Gozatu Liburua irakurritakoan, liburutegira bueltatu, eta fitxa sinple-sinple bat bete beharko da: zein izan den irakurritako liburua, zer inpresio eman digun... Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txekea emango digu, hitzartutako liburudendan erabiltzeko.
  3. Oparitu Azken pausoa, liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati,... edo, zergatik ez, norbere buruari. Liburutegian jasotako txartelarekin, euskarazko beste edozein libururen erosketaren % 25a ordaintzeko aukera izango dugu, % 50a euskaldunon elkarteko kidea izanez gero.

Nazioarteko Liburuaren Egunean hasita, bi hilabetez

Aurreko bost edizioak moduan, apirilaren 23an abiatuko da aurten ere Irakurri, Gozatu eta Oparitu egitasmoa, Liburuaren Nazioarteko Egunean. Uda aurreko hilabeteak baliatzen dira beti egitasmoa sustatzeko, liburuen irakurketa eta oparitarako garai oso egokia baita hau. Horrela, aurten bi hilabeteko iraupena izango du kanpainak eta ekainaren bukaerara arte aukera izango dute herritarrek kanpainan parte hartu eta abantailak baliatzeko.
15 herritan egongo da martxan kanpaina hau datozen bi hilabeteotan, tokian tokiko Euskaldunon Elkarteek sustatuta:
  • Araban: Aramaio (Txirritola), Urkabustaiz (Lan eta Jolas), Legutio (Udal liburutegia) eta Zuia (Bidabarri)
  • Bizkaian: Santurtzi (Bai Esan), Ermua (Euskal Birusa), Basauri (Euskarabila), Lezama (Zorrizketan) eta Zamudio (Lagatzu)
  • Gipuzkoan: Lazkao (Goierriko Euskal Eskola), Azkoitia (Maxixatzen), Ataun (Murkondo) eta Irun (Irun Iruten)
  • Nafarroan: Irurtzun (Aizpea), Lizarra (Garean).

Zozketak, berrikuntza

Irakurri, Gozatu eta Oparitu-ren seigarren edizio honek badakar berrikuntzarik. Bi zozketa egingo dira liburutegi bakoitzean, maiatzean eta ekainean parte hartuko duten irakurleen artean; sariak, noski, irakurtzen eta gozatzen jarrai dezaten lagunduko duten erosketa-txartelak izango dira. Horiei, tokiko elkarteek, egitasmoaren inguruan antolatuko dituzten ekintzak gehitu behar zaizkie; solasaldiak idazleekin, liburu azokak, ipuin kontaketak...
Oso garrantzitsuak diren bestelako helburuak ere lortu nahi ditu Topaguneak ekimen honen bidez:
  • Batetik, Euskara Elkarteetako bazkide diren euskaltzaleak liburutegi publikoen erabiltzaile aktibo bihurtzea.
  • Era askotako eragile publiko eta pribatuen elkarlana sustatzea, eta eragile horien guztien arteko harreman sarea euskaraz hedatzea.
Egitasmoaren aurreko bost edizioetako balorazio positiboak kontuan harturik abiatu dute Topaguneak eta herrietako euskara elkarteek seigarren edizio hau. Izan ere, egitasmoa martxan jarri den herri gehienetan honek eragin positibo nabarmena izan du herritarrek liburutegi publikoan egiten duten euskarazko liburu mailegu erabileran; datu positiboa da, egitasmoaren helburuen artean euskaltzaleak liburutegi publikoen erabiltzaile bihurtzea baitago. Zeharkako helburu izanagatik, erabilera horrek liburuen salmentan izan duen eragina ere kontuan hartzekoa izan da eta zenbait kasutan, nabarmena gainera. Oso ondo baloratu izan da, era berean, egitasmo honi esker era askotako eragile publiko eta pribatuen arteko elkartana gauzatu izana.
Egitasmoa, Eusko Jaurlaritzaren eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Aldundien babesaz gain, honako argitaletxeen laguntzari esker izaten da posible: Alberdania, Erein, Elkar, Ibaizabal, Pamiela, Txalaparta eta Susa.
Iturria: www.erabili.com

No hay comentarios:

Publicar un comentario