lunes, 2 de abril de 2012

Haur eta Gazte Liburuaren Nazioarteko Eguna


Euskal Autonomia Erkidegoko 18 herritako liburutegi eta ikastetxeek egin dute bat  Haur eta Gazte Liburuaren Nazioarteko Eguneko ospakizunekin. Aurtengo Haur Liburuaren Nazioarteko Egunerako IBBYren Mexikoko atalak prestatu ditu kartela eta mezua. Karteleko irudia Juan Gedoviusena da eta mezua ("Bazen behin mundu guztiak kontatzen zuen ipuina") Francisco Hinojosarena. Kartela eta triptikoak Euskal Herriko liburutegi eta ikastetxe askotara zabaldu ditu Galtzagorri Elkarteak.  
Ipuin kontaketak, ilustrazio tailerrak eta beste hainbat ekimen antolatu dira egun honen aitzakian, baina gehienek bat egin dute aurtengo ospakizunetarako Galtzagorri Elkarteak egindako proposamenarekin: Bookcrosinga. Hortaz, datozen egunetan, hainbat herritan liburuak kalean ibiliko dira hartu, irakurri eta berriz "askatu" nahi dituenarentzat.
Bookcrossinga da aurten Galtzagorri Elkarteak Haur eta Gazte Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzeko proposatu duen jarduera. Hau da, parte hartuko duten ikastetxe eta liburutegiek hainbat liburu “askatu” beharko dituzte, ondoren aurkitzen dituenak hartu, irakurri eta berriz aska ditzan. Aurrez, bookcrossing ekimenaren nondik norakoak azalduko dituzte eta ekimen horren helburuekin bat eginez, irakurzaletasuna sustatzeko jarduera hori jarriko dute martxan.
 Haur Literaturaren Festa
Galtzagorrik deituta, Euskal Herri osoan hainbat ekintza burutuko dira Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzeko.
Bookcrossinga: 
Eibarko Juan San Martin Liburutegian, Tolosako Haur Liburutegian, Mutrikuko Liburutegian, Andoaingo Liburutegian, Ondarroako Liburutegian, Azkoitiako Liburutegian, Mundakako Liburutegian, Aretxabaletako Liburutegian eta Donostiako Zuhaizti ikastetxean.
Bestelako ekimenak:
Iurretako Herri Bibliotekan eta Donostiako Liburutegi Nagusian. Iurretan ipuinaren dramatizazioa ere egingo da.
Donostian, berriz, ilustrazio tailerraz gain, ipuin kontaketa eta helduentzako hitzaldiak ere egingo dira.
Gasteizko Samaniego ikastetxeko liburutegian, berriz, Hans Christian Andersenen “Enperadorearen jantzia” liburuaren inguruko jarduerak egingo dituzte.
Markina-Xemeingo herri bibliotekan “Sirenatxoa” liburua egiteko collage tailerra antolatu dute.
Balmasedako Liburutegian helduei zuzendutako ipuin kontaketa tailerra egingo da.
Gasteizko Mariturri ikastetxean 2, 3 eta 4 eta 5 urteko haurrei zuzendutako ipuin kontaketa saioak egingo dituzte apirilaren 4an.
Donostiako Odon Apraiz ikastetxean eta Astigarragako Arantzazuko Ama ikastetxean ere hainbat jarduerekin ospatuko dute Haur eta Gazte Liburuaren Eguna.

No hay comentarios:

Publicar un comentario